GORKA URBIZU RUIZ (Lekunberri, 1977) musikari, konpositore eta ekoizle euskalduna da. Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarrista izandakoa, besteak beste kantugintzan eta letragile gisa egindako bideagatik da ezaguna.
14 urte besterik ez zituela sortu zuen bere lehendabiziko taldea, pianoan idatzitako kantuak oholtzara eramateko asmoz. Ordutik, diskogintza eta zuzenekoei lotutako bizimodua darama egile nafarrak. Berri Txarrakekin mundu oson barna mila kontzertutik gora emateaz gain, hainbat egitasmo interesgarri jarri izan ditu abian, gustu musikal eklektikoa eta bilaketa artistikoa erakutsiaz; hala nola: KATAMALO (poesia eta musika akustikoa nahastuz) edo PEIREMANS+ (power pop doinuetatik gertuagoko taldea).
2024ko urtarrilean, ezustean ‘Hasiera Bat’ diskoa kaleratu du. Bere izen propioarekin sinatzen duen lehendabiziko lana da hau, modu horretan hainbat urtetako isilunea urratuz. Impasse aro honetan, baina, Gorka Urbizu ez da geldirik egon. Besteak beste, ekoizpenaren munduan murgildu da (La M.O.D.A. taldearen Nuevo Cancionero Burgalés diskoarekin egin zuen debuta 2022an); halaber, hainbat kolaborazio grabatu ditu, esaterako Cala Vento Gironako taldearekin Casa Linda diskorako egindakoa.